1 PARTEA

Arauen garrantzia bizikidetzarako

Hasteko, talde handian, bideo bat ikusiko dugu. Deigarria egingo zaie, agian, azentuagatik –bideoa Txilekoa delako–, zenbait hitzen esanahia ez dutelako ezagutzen edo zenbait ekintzarengatik. Berdin dio, hori da ikasten hasteko modua.

Hasteko:

Idatzi bideoa ikusi ondoren bururatu zaizkizun hiru ideia.
Idatzi bi galdera, sortu zaizkizun zalantzak, edo ulertu ez duzun hori eta jakin nahiko zenukeen hori adierazteko.
Zer datorkizu burura «zerga» hitza entzutean? Zerekin alderatuko zenituzke? Bilatu irudi bat, objektu bat edo hitz bat zergak irudikatzeko. Zergak zera dira… Zergak honako honen antzekoak dira…

Berriro ere gure komunitatera itzuliko gara; has gaitezen kokatzen. Wikipedian Nafarroa bilatuz gero, honako definizio hau agertzen da:

NAFARROA: Nafarroako Foru Komunitatea Espainiako autonomia erkidegoetako bat da. Iberiar penintsularen iparraldean dago. Mugakide hauek ditu: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ipar-ekialdean, Aragoi ekialdean eta hego-ekialdean, Errioxa hego-mendebaldean, Araba mendebaldean, eta Gipuzkoa ipar-mendebaldean.

Kokatu mapan zu non bizi zaren.

Hor, zeure burua kokatu duzun toki horretan, hainbat taldetako partaide zara.

Zer taldetan parte hartzen duzu?
Talde bakoitzaren funtzionamendua eta bizikidetza egokia izan daitezen, aipa al dezakezu talde bakoitzean garrantzitsua den arauren bat?

Hala da, bai; gure harremanetan bizikidetza-arauak betetzen ditugu. Desberdinak kasuan kasu. Gurasoek lau urteko haurrari jartzen dizkioten arauek ez dute zerikusirik kuadrilla batekoekin, kirol-talde batekoekin edo udal-arauekin.

Aipa al dezakezu zer desberdintasun dagoen arau horiek finkatzeko garaian, taldean jende gehiago edo gutxiago dagoen arabera?
Zure kuadrillako arau, akordio edo errutinaren batek ba al du loturarik diruarekin? Azalduko al zenuke?
Zer gertatzen da norbaitek arau horietakoren bat urratuz gero? Ba al du ondoriorik pertsona horrentzat?
Eta taldearentzat?

Unitate honetako lan gehienak talde txikian egingo dituzue. Hasteko, talde-lana arautuko duten arauak zehaztuko dituzue. Ez dute asko izan beharrik, baina garrantzitsua da ados egotea, argiak izatea eta betetzea. Eginkizunak elkarren artean bana ditzakezu, lana eraginkorragoa izan dadin:

Denbora kontrolatzea

Lagun batek denbora kontrolatuko du, eta lana zer nolako erritmoan doan jakinaraziko dio taldeari, zenbat denbora gelditzen den eta abar, taldea antolatu ahal izateko.

Giroa eta parte-hartzea kontrolatzea

Lagun bat arduratuko da kide guztiek zeregina izateaz, denek parte hartzeaz, esaten dutena denek entzuteaz eta lanean eroso egon daitezen.

Zeregina kontrolatzea

Zeregin guztiak aurreikusitakoaren arabera egiten direla bermatzeaz arduratuko da lagun bat, informazioa lortzeaz eta taldekide guztiek informazioaren berri badutela eta ulertzen dutela.

Adostutako arauak:
Arduradunak:
Esleitutako erantzukizunak:
Gatozen berriro ere mapara, zuen herrira; zer motatako arauek arautzen dute herritarren arteko bizikidetza? Mota guztietakoak jar daitezke, idatzitakoak eta idatzi gabekoak.
Zer gertatzen da norbaitek arau horietakoren bat urratuz gero? Ba al du ondoriorik pertsona horrentzat?
Eta taldearentzat?
Fokua handitu eta Espainia osoa hartzen badugu, zer nolako arauek arautzen dituzte biztanleek arteko harremanak?