- >
- DBH 3 eta 4 Unitatea – 14-16 urte
- >
- 4 partea – Zergak. Motak eta ezaugarriak
4 PARTEA
Zergak. Motak eta ezaugarriak
Lagun batek testua ozenki irakur dezake, talde handian, eta horretan oinarrituta, irakasleak lagunduko dizue zergak ezagutzeko ibilbidean aurrera egiten, informazioa teknikoa da eta. Zergei buruzko puntuen helburua ez da zuek dena jakitea, baizik eta funtsean elkarren arteko aldeak zeintzuk diren eta nola funtzionatzen duten, oro har.
Ahalmen ekonomikoa eta aberastasunaren birbanaketa
Pertsonen ahalmen ekonomikoa hainbat modutara adierazten da, hau da, euren aberastasunaren bitartez, lortzen dituzten diru-sarreren bitartez edo egiten dituzten kontsumoen bitartez. Ondarea izatea, errentak lortzea, herentzia bat edo dohaintza bat jasotzea edo salgaiak erostea ahalmen ekonomikoaren adierazgarritzat jotzen dira; kontribuzio-ahalmena ere esaten zaio ahalmen horri, horren arabera kalkulatzen baita zergen zenbatekoa.
Zergei esker, herritarren errentaren eta aberastasunaren artean berdintasun handiagoa dago. Horri zergen birbanaketa-eginkizuna esaten zaio.
Pertsona guztiek ondasun eta zerbitzu publikoez (esaterako, autobiak, ospitaleak, liburutegiak, segurtasuna eta abar) hein berean baliatzeko eskubidea dute, ahalmen ekonomiko handiagoa edo txikiagoa dutelako zerga gehiago ala gutxiago ordaindu duten gorabehera.
Gainera, prestazio publiko jakin batzuetan, hala nola gizarte-zerbitzuetan, langabezia-aseguruan, beketan eta abar, ahalmen ekonomiko txikia dutenek soilik balia ditzakete prestazio horiek. Horregatik, gastu publikoak birbanaketa-eginkizuna betetzen duela esan daiteke, ahalmen ekonomiko handiagoa dutenen zergekin finantzatzen baitira gutxiago dutenentzako zerbitzuak.
Horregatik, zergak ordaintzeak zentzu etikoa da. Herritarrek eskubide politiko, ekonomiko eta sozialak erabat baliatu ahal izateko aukera-berdintasuna lortzea da kontua. Zentzu etikoa, justiziaren eta ekitatearen printzipioetan oinarrituta.
Zerga motak
Testuak dio pertsona baten ahalmen ekonomikoa honako hauen bitartez adierazten dela:
Lortzen dituen diru-sarrerak, dela lanagatik, dela edo bestelako errenta batzuengatik, dela herentzia edo dohaintza bat jasotzeagatik.
Duen aberastasunaren bitartez, hau da, haren ondarearen bitartez.
Egiten dituen kontsumoen bitartez.
Ahalmen horretan oinarrituta, zergen zenbatekoa zehazten da; zergak bi motatakoak dira:
Zuzeneko zergak: ahalmen ekonomikoaren adierazpen bati aplikatzen zaizkio, hala nola ondare baten jabetzari eta errenta bat lortzeari.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ)
Zerga horrek errentak kargatzen ditu, hau da, lanagatiko diru-sarrerak, soldatapekoen kasuan soldata moduan edo jarduera profesionalen kasuan (abokatua, argiketari autonomo, dentista edo negozioaren jabe den ile-apaintzailea) ordainsari edo diru-sarrera moduan. Kapitalaren errendimendu edo etekinak ere kargatzen ditu, esaterako banku-kontuen interesak edo akzioen dibidenduak.
Zerga progresiboa da (zenbat eta diru-sarrera handiagoak izan orduan eta gehiago ordaintzen da) eta inguruabar pertsonalak eta familiarrak aintzat hartzen ditu salbuespenen, murrizketen eta kenkarien bitartez.
Gizarte Segurantzaren ezintasun iraunkor absolutuagatiko pentsioak, literatura-sari jakin batzuk, ikasketa arautuak egiteko bekak edo langabeziagatiko prestazioak, besteak beste, zerga ordaintzetik salbuetsita daude.
Adinagatik ere aplikatzen dira kenkariak –65 urtetik aurrera–, desgaitasunagatik eta aitorpena egiten duenak bere kargura dituen ondorengo eta aurreko ahaideen kopuruagatik ere.
Adibidez, Nereak eta Carlosek soldata berdina irabazten dute, baina Nerea bakarrik bizi da eta Juanek si haur txiki ditu bere kargupean. Zure ustez zenbateko berdina ordainduko al dute PFEZren aitorpenean? Zergatik?
Argigarri, Nafarroako PFEZren tarifak kontsulta ditzakezue sarean eta hainbat adibide proposatu PFEZren Aitorpenaren Simulagailuarekin.
Sozietateen gaineko Zerga
Zerga hori bazkideak dituzten enpresek edo sozietateek lortzen duten etekinari aplikatzen zaio. Zerga etekin garbiaren arabera kalkulatzen da, hau da, enpresaren guztizko diru-sarrerei enpresak egin dituen gastuak kenduta ateratzen den zenbatekoaren arabera.
Zer gertatuko litzateke sozietate batek galerak izango balitu urtebetez?
Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga
Dirua edo beste ondasun batzuk doan jasotzen dituztenek ordaintzen dute, hau da, hildakoen herentziaren edo bizidunen dohaintzen bitartez jasotzen dituztenek. Zerga hori bi aldiz da progresiboa; izan ere, jasotako zenbatekoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago ordaintzen da, baita dohaintza-emailearekiko ahaidetasun-maila zenbat eta urrunagokoa izan ere.
Juanek testamentuan idatzi du bere 100.000 euroak bere seme Jonen eta bere lagun Antonioren artean banatu behar direla, hein berean. Zure ustez nork ordainduko du gehiago oinordetza-zergaren kontzeptupean? Zergatik?
Berdina gertatuko al litzateke diru hori bizirik dagoela emango balu dohaintzan? Zenbat ordaindu beharko lukete Jonek eta Antoniok zergetan?
Argigarri, Nafarroako Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren tarifak zenbatekoak diren kontsulta dezakezue sarean.
Ondarearen gaineko Zerga
1.000.000 eurotik gorako balioa duten ondasun edo eskubideen jabe direnen aberastasuna kargatzen du.
Ondarearen gaineko Aitorpenean ehuneko berdina ordainduko al dute 1.200.000 euro dituen batek eta 15.600.000 euro dituen beste batek? Zeintzuk dira ehunekoak bi kasuetan? Zein zenbateko dagokie?
Argigarri, Nafarroako Ondarearen gaineko Zergaren tarifak zenbatekoak diren kontsulta dezakezue sarean.
Zeharkako zergak: kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuei zuzenean aplikatzen zaizkie.
Balio Erantsiaren gaineko Zerga
Zeharkako zerga horrek kontsumoa kargatzen du, pertsonen ahalmen ekonomikoaren zeharkako adierazpentzat jotzen den aldetik. Zerga hori ondasun eta zerbitzuei aplikatzen zaie.
Oro har, ondasun eta zerbitzuek (mugikor bat, jertse bat, garbigailu bat, ibilgailua konpontzea edo abokatuen kabinetean kontsulta egitea) % 21eko BEZa dute. Alegia, jertse batek 30 euro balio baditu, eta zergari dagokion % 21eko errekargua aplikatzen bazaio, azken prezioa 36,3 euro izango da.
Premia bizikotzat jotzen diren ondasun edo zerbitzuei murriztutako BEZa aplikatzen zaie. Horrela, bada, % 4ko BEZa aplikatzen zaie ogiari, esneari, arrautzei, frutari, barazkiei, lekaleei, zerealei, gaztei, liburuei, egunkariei, sendagaiei eta desgaitasuna dutenen autoei; halaber, BEZaren % 10a aplikatzen zaie elikagaiei, oro har, etxebizitzei, ostalaritza-zerbitzuei, betaurreko eta lentillei, eta bidaiari- eta bagaje-garraioari.
Badira BEZik ez duten zerbitzuak ere, esate baterako, osasun-laguntza publikoa, dentistek egindako prestazioak, gizarte-laguntza emateko zerbitzu publikoak, eta haurren eta gazteen hezkuntza erakunde publiko edo pribatu baimenduetan.
BEZa ondasun baten produkzioko eta transformazioko kate osoan aplikatzen da, eta azken kontsumitzaileak ordaintzen du. Ibilbide horretan, tarteko kontsumitzaileek Ogasunaren laguntzailetzat jarduten dute, produktuaren ibilbidearen fede emanez eta BEZaren aitorpena eginez.
Adibide batekin hobeto ulertuko dugu:
Demagun Anak garia lantzen duela eta Luisi saltzen diola, irin-enpresa bat duelako. Gari horrek BEZaren % 4a izango du. Anak BEZaren hiruhileko aitorpena egiten duenean, bere gariari aplikatu dion eta Luisek eta gainerako bezeroek ordaindu duten BEZ guztia aitortu beharko du Ogasunean, baita bere lana egiteko beharrezkoak dituen produktu eta zerbitzuengatik -haziak, ongarriak, ura, erregaia eta abar– berak ordaindu duena ere.
Luisek BEZaren hiruhileko aitorpena egiten duenean, ordaindu duen gariaren % 4 hori ez ezik, egin dituen erosketen gainerako BEZak eta irina egiteko prozesuan jaso dituen beharrezko zerbitzuenak kendu ahal izango ditu. Adibidez, hainbat orga erosi baditu (% 21eko karga du produktu horrek) eta banaketa-kamioia konpontzeagatik faktura bat ordaindu baldin badu (zerbitzu horrek % 21eko karga du), BEZ horiek ere ken ditzake. Eta saldu duen irinari dagokion BEZa ordaindu beharko du; kasu horretan, salmenta horrek % 4ko karga du. BEZaren bere azken aitorpenean berak ordaindu duen eta berari ordaindu dioten BEZa hartuko da aintzat. Aldearen arabera, ordaindu egin beharko du edo dirua itzuli beharko diote.
Luisek Mikeli salduko dio irina % 4ko BEZarekin; Mikel okina da. Mikelek ogi arrunta eta moldeko ogia egiten ditu. MIkelek Luisi erositako irinaren prezioaren % 4a kendu ahal izango du hiruhileko bakoitzean. Mikelek legez finkatutako BEZa aplikatuko die bi produktuei, hau da, ogi arruntari % 4a eta moldekoari % 10a. Hiruhileko aitorpena egiten duenean, kobratu dituen BEZ horiek ordaindu beharko ditu eta erosketetan ordaindu duen BEZa kendu dezake.
Zuk ogi bat eta moldeko ogiaren pakete bat erosten duzunean, prezio osoa ordainduko duzu, BEZ eta guzti, baina azken kontsumitzailea izaki, ezin izango duzu kendu.
Zuzena izango al litzateke Mikelek erosi dituen mendiko boten BEZa kentzea, oporretan eskalatzera joateko erosi baditu?
Eta Anak bulegoko materiala erostean ordaindu duen BEZa kentzea?
Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga
Zerga horrek eragiketa asko hartzen ditu barnean: ondasun eta eskubideen (objektuak, ibilgailuak, lurrak, higiezinak, akzioak eta abar) salmentetatik notario-dokumentuetara (eskriturak, testamentuak, aktak, notario-ahalak eta abar). Ondasun edo eskubidea erosten duen pertsonak ordaindu behar du zerga.
Zerga Bereziak
Tabakoa, alkohola eta alkoholdun edariak, esaterako, zerga bereziekin kargatzen dira, BEZaz gain. Osasunarentzat arriskutsuak diren substantziak izaki, zerga, dirua biltzeko ez ezik, substantzia horiek ez kontsumitzera bultzatzeko modu bat ere bada.
Ba al dakizu tabako-pakete baten preziotik zenbat dagokien zergei?
Garraiobideen matrikulazioen gaineko zerga
Garraiobideak matrikulatzea ere zergapetuta dago.
Argigarri, Nafarroako matrikulazio-zergaren tasa zein den bila daiteke, zein irizpiderekin aplikatzen den jakiteko.
Hidrokarburoen gaineko zerga
Beste zerga batek gasolina eta petrolioaren bestelako deribatuak kargatzen ditu, hidrokarburoen gaineko zergak, alegia. Zergaren justifikazioan, ondasun urria dela eta kutsatzeko ahalmena duela argudiatzen dira eta, zerga, nolabait, kontsumoaren disuasio-neurria izango litzateke.
Zer gertatzen da norbaitek tributu- edo zerga-arloko betebeharrak betetzen ez baditu?
Ba al du ondoriorik pertsona horrentzat?
Eta taldearentzat?
Zerga-betebeharrak betetzen ez dituen lagun baten jokabideari dagokionez, zure ustez nolakoa da jokabide hori?
- Azkarra
- Iruzurrezkoa
- Maitekorra
- Insolidarioa
- Buruargia
- Tranpatia
- Kontzientea
- Inkontzientea
- Arduratsua
- Arduragabea