5 BLOKEA

Nola ordaintzen ditugu ondasun eta zerbitzu publikoak?

Zuzeneko zergak eta zeharkakoak. Zergen helburua eta ezaugarriak. Nafarroako Zerga Ogasuna.

13.

Denak dirua balio du… Osasun Zentrora zoazenean, parkean jolasean ibiltzean edo liburutegitik liburu bat hartzen duzuenean, ez duzue ordaintzen, baina eraikinak, langileen soldatak, berdeguneen mantentze-lanak, liburuak, ordenagailu eta aparatuak, altzariak, tresnak, sendagaiak… horrek denak dirua balio du.
Demagun liburutegira astean behin joaten zarela eta liburu bat hartzen duzula irakurtzeko. Liburu bakoitzaren prezioa, batez beste, 15 euro baldin bada,

zenbat diru gastatu beharko zenuke urtean liburu horiek erosi egin behar izanez gero?

• 300€
• 780€
• 535€

Urtean behin, 6-15 urteko neska-mutil guztiak PADI Haurren Hortzak Zaintzeko Programaz baliatzera gonbidatzen dira; hortzak zaintzeko doako zerbitzua eskaintzen du programak. 70.000 neska-mutilek baliatzen dutela kalkulatzen da.

Badakizu zenbat diru bideratu behar den programa osoa ordaintzeko?

• 70.000€
• 2.500.000€
• 1.000.000€

Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean, plaza batek eragiten duen gastu publikoa, ikasturte pertsona bakoitzeko, gutxi gorabehera:

• 4.000€ / 5.000€
• 500€
• 50€

Ikasle guztiak zenbat diren kontuan hartuta, kalkulatu honako hauen kostua:

• Gure gelarena
• Gure mailarena
• Gure ikastetxearena

Eta apendizitis-ebakuntza egin behar izanez gero?

Apendizitisaren ebakuntzaren kostua, gutxi gorabehera

• 3.600€ / 7.100€
• 600€ / 700€
• 100€ / 200€

Eta gastu publiko hori guztia

nola ordaintzen da, zuen ustez?

• Irteeran ordaintzen da, besterik gabe
• Guztion artean ordaintzen dugu, zergen bitartez
• Doan da, ez da ordaindu behar
• Nahi duenak ordaintzen du

Zerbitzu publikoen kostuari gastu publikoa esaten zaio eta administrazio publikoek ordaintzen dute (Udalek, Autonomia Erkidegoak, Estatuak) diru-sarrera publikoekin, herritarrok zergen bitartez ordaintzen dugun diruarekin. Ba al dakizue zer diren zergak?
Zergak zera dira, Administrazioari ordaintzen diogun dirua ogasun publikoari ekarpenak egiteko. Ogasun publikoa itsulapiko erraldoi bat dela esan dezakegu, eta pertsona guztiek dirua sartzen dugu bertan gastu komunak ordaindu ahal izateko.

14.

Nork ordaindu behar ditu zergak?

Pertsona guztiek, inolako salbuespenik gabe, gastu publikoak finantzatzen parte hartu behar dute, legez ezarritako moduan zergak ordainduta. Baina pertsona guztiek ez dute proportzio berdinean egin behar ekarpena, denek ez dituztelako baliabide ekonomiko berdinak. Horrek esan nahi du dirua edo aberastasuna duen edonork zergak ordaindu behar dituela, ahal duen heinean.
Azter dezagun zatika:

Zuen taldekideek ordaintzen al duzue zergatik?

Egiten al duzue erosketarik zuen kabuz?

Erantzuna baiezkoa bada, zergak ordaintzen dituzue, bai horixe.

15.

Zeharkako zergak

Zergak ordaintzen dituzue zerbait erosten duzuen bakoitzean: txikle-pakete bat, patata frijituen poltsa bat, zinemarako sarrera bat… Eros ditzakegun produktu guztien prezioan zerga bat sartuta dago, BEZa; ezaguna egiten al zaizue?
BEZa (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) zeharkako zerga da, hau da, kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuen prezioan sartuta dagoen zerga.
Zer zerbitzu edo produktu den arabera, zerga handiagoa edo txikiagoa izango da. Hiru BEZ mota bereiz ditzakegu:
Orokorra (% 21):

arropa eta oinetakoak, fardelak, argia, gasolina, telefonoa edo ADSLa, loreak, ile-apaindegiko zerbitzuak, albaitariaren kontsulta eta abar.

Murriztua (% 10):

premia bizikoak ez diren elikagai guztiak, ura, farmaziako produktuak, betaurrekoak eta lentillak, bidaiari- eta bagaje-garraioa, nekazaritzan erabiltzen diren ondasunak, arte-inportazioak, ostalaritza, kirol-ekitaldiak, erakusketak...

Supermurriztua (% 4):

premia biziko ondasunak sartzen dira, hala nola elikagaiak (ogia, esnea, gazta, arrautzak, fruta, barazkiak, zerealak...), liburuak, sendagaiak, babes ofizialeko etxebizitzak, ibilgailuak konpontzeko zerbitzuak mugikortasun urriko pertsonentzat…

Zenbait zerbitzuk ez dute BEZik; esate baterako, ospitaleratzea eta osasun-laguntza publikoa, dentistek egindako prestazioak, gizarte-laguntza emateko zerbitzu publikoak, haurren eta gazteen hezkuntza erakunde publiko edo pribatu baimenduetan. etxebizitzen alokairuak...

Demagun hainbat gauza erosten dituzuela. Zer motatako BEZa dagokio produktu bakoitzari? Kalkula al dezakezue? Zenbat ordaindu duzue guztira? Batura horretatik zenbat dagokio BEZari?

PRODUKTUA
Patata frijituen poltsa
Kirol-jertsea
Kirol-oinetakoak
Motxila
Liburua
Litro 1 olio
2 ogi-barra
Pixoihalak
PREZIOA GUZTIRA
2,07€
18€
25,95€
38,50€
18,95€
5,99€
2€
42,95€
BEZ MOTA
? %
? %
? %
? %
? %
? %
? %
? %
BEZA
? €
? €
? €
? €
? €
? €
? €
? €

Ezagutzen al duzue kalkulu horiek automatikoki egiteko tresna informatikorik?

Erantzuna baiezkoa bada, nola izena du tresna horrek?

Erantzuna ezezkoa bada, zuen inguruneko helduen artean galde dezakezue.

Erosketa bat egin edo zerbitzu bat jasotzen dugun bakoitzean, BEZa ordaintzen dugu, hau da, ibilbidearen amaieran ogasunaren itsulapiko erraldoian bukatzen duen zerga.

16.

Zuzeneko zergak

Beste zerga batzuk, zuzeneko zergak, alegia, pertsonek ordaintzen dituzte baina lortzen dituzten diru-sarrerengatik eta jabetzan dituzten ondasunengatik. Diru-sarreratzat jotzen dira soldatak, herentziak eta dohaintzak, sariak, salmentetan lortutako dirua…
Zuzeneko zergetan ezagunena PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga da. Urtero, apiriletik ekainera bitarte, Errenta Aitorpenaren kanpaina egiten da Nafarroan.
Orain badakizue zerga hitzak zer esan nahi duen; eta errentak? Errentak zera dira, pertsonek lortzen dituzten sarrerak. Soldatarengatik, enpresetan kontratupean aritzen direnen kasuan; diru-sarrerengatik, nork bere kabuz lan egiten dutenen kasuan; banku-kontuen interesengatik, akzioen dibidenduengatik eta ondare-irabazi eta -galerengatik .
Eta zer esan nahi pertsona fisikoak? Pertsona fisikoa banakako pertsona da. Kontrakoa pertsona juridikoa da; pertsona juridiko izan daitezke, esaterako, pertsona multzo bat, elkarte bat edo enpresa bat.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak bi ezaugarri garrantzitsu ditu:

Progresibitatea

Hau da, pertsona bakoitzak bere aberastasunaren arabera ordaintzen du. Ez dute berdina ordaintzen gehiago dutenek eta gutxiago dutenek. Are gehiago, zenbait pertsona ez dago ordaintzera behartuta egoera ekonomiko txarrean egoteagatik ordaindu ezin dutelako. Diru-sarrera berdinak izanik, egoera desberdinak dituzten bi lagunek ere ez lukete berdina ordainduko; esate baterako, batek seme-alabak baldin baditu eta besteak ez.

Nork ordainduko du gehiago kasu horretan? Zergatik?

Hala da, bai; PFEZ kalkulatzeko garaian zergadun bakoitzaren egoera pertsonala kontuan hartzen da eta, kasu horretan, seme-alabarik kargura ba ote duen, edo pertsona horrek mendekotasun-egoeran dagoen edo desgaitasunen bat duen beste norbait zaintzen ote duen.

Aipa ezazue progresibitatearen printzipioa aplikatzen den eguneroko bizitzako beste egoeraren bat.

Aberastasunaren birbanaketa

PFEZren helburuetako bat aberastasuna birbanatzea da. Lortutako diru-sarrerekin, pertsona guztiei egiten zaie mesede, ahalmen ekonomikoaren arabera zerga gehiago edo gutxiago ordaindu duten aintzat hartu gabe. Parke bat guztiontzat da, baita ikastetxe bat, osasun-zerbitzuak, errepideak eta liburutegia ere. Gainera, hainbat zerbitzu –hala nola, gizarte-zerbitzuak edo langabezia-asegurua– ahalmen ekonomiko txikienekoei soilik bideratzen zaizkie. Horregatik, gastu publikoak ere birbanaketa-eginkizuna betetzen duela esan daiteke.

Aipa ezazue aberastasunaren birbanaketaren printzipioa aplikatzen den eguneroko bizitzako beste egoeraren bat.

17.

Pertsonok aukera ekonomiko desberdinak eta premia desberdinak izaten ditugu.

Zein baieztapen iruditzen zaizkizue egokiak justizia eta berdintasuna lortu nahi dituen gizarte batentzat?

• Bakoitza duenarekin molda dadila.
• Bakoitzak jasotzen duenaren arabera ordain dezala.
• Pertsona guztiok behar duguna izateko aukera izan dezagula.
• Pertsona guztiok sendagilearengana joateko aukera izan dezagula, betiere denek hainbat aldiz.
• Seme-alabarik ez dutenek ez ditzatela zergak ordaindu ikastetxeak finantzatzeko.
• Antzeman dadila nork duen diru asko eta nork ez.
• Familia batek diru-sarrera handirik ez badu ere, seme-alabek bekak izan ditzatela karrera bat ikasi ahal izateko.
• Pertsona guztiok antzeko aukera izan ditzagula.

Hitz egin taldean aukera guztiei buruz eta idatzi zalantzak, gero talde handian bateratzeko.
Ziur badakizuela Berdintasuna hitzak zer esan nahi duen.

Nola definituko zenukete berdintasuna?

Pertsona guztiei berdina ematea al da berdintasuna? Zer iruditzen zaizue?

Pertsona guztiok eskubide- eta aukera-berdintasuna izan dezagun, pertsona bakoitzaren premiak zeintzuk diren kontuan izan behar da. Batzuentzat, osasun-eskubidea izango da urtean behin sendagilearengana joan ahal izatea, baina beste batzuentzat ebakuntzak egin eta ospitaleratuta egon ahal izatea. Zenbait pertsonak errepideak askotan erabiliko dituzte; beste hainbatek, aldiz, oso gutxitan.

Ezagutzen al duzue ekitatea hitza?

Zer datorkizue burura?

Ekitatea bakoitzari behar duena ematearekin lotuta dago, gainerakoen maila berean egoteko; bestela esatearren, berdintasuna lortzeko, pertsona bakoitzak ondasunen edo zerbitzuen «kantitate desberdina» behar izango duela.

Aipa ezazue ekitatearen printzipioa aplikatzen den eguneroko bizitzako beste egoeraren bat.

Horregatik, gizarte bidezkoagoa, berdintasunezkoa eta ekitatiboagoa lortzeko lagungarri delako, zergak ordaintzea lege-betebeharra da, baina baita ekintza etikoa ere.

Zer iruditzen zaizue baieztapen hori?

Ados zaudete?

Azal al ditzakezue zuen jarrerak?

Bateratzea

Bateratze-lana animatzeko eta ondorioak atera ahal izateko, honako galdera hauek baliagarriak izan daitezke:

Jarrera desberdinak al daude aurreko puntuari dagokionez?

Argi eta garbi azaldu eta arrazoitu al daitezke?

Zein zalantza eta galdera sortu dira?

18.

Nafarroako Zerga Ogasuna

Espainian, Autonomia Erkidegoak finantzatzeko bi eredu daude: araubide erkidea eta foru-araubidea. Gure komunitatean, Nafarroan, foru-araubidearen sistema dugu. Horrek zera esan nahi du, Nafarroak berariazko erakundea duela zergak arautzeko, legea, ezartzeko, betetzen direla zaintzeko, zergak biltzeko eta ikuskapenak egiteko; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Ogasuna. Zerga horiekin gastu publikoa finantzatzen da eta Estatuari diru-kopuru bat ematen zaio urtean, Estatuak Nafarroan finantzatzen dituen zerbitzuen gastu publikoa ordaintzen laguntzeko; diru-kopuru horri «ekarpena» esaten zaio.
Nafarroako Foru Ogasuna Nafarroako Gobernuaren Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuaren mende dago.
Nafarroako Gobernuaren departamentu guztien artetik, hautatu bizpahiru –eguneroko bizitzan ikasleengandik gertuen egon daitezkeenak– eta bilatu Interneten zer lan egiten dituzten.