1 ARIKETA

Fraktala

Ba al dakizue zer den erromaneskoa?

Erromaneskoa barazki bat da.

Nola deskribatuko zenuke?

Erromaneskoak egitura fraktala du.

Ba al dakizu zer den fraktal bat?

Hona hemen definizioa.

FRAKTALA: Fraktalak objektu geometriko konplexuak dira, geometrikoki sinpleak diren objektuekin –kubo batekin edo esfera batekin– alderatuta irregularregiak, eta euren oinarrizko egitura errepikatu egiten da hainbat eskalatan. Nolakotasun hori dela eta, autoantzekoa dela esaten da, hau da, objektu osoak duen forma bera duten zati txikiagoz osatuta dago.

Argitzeko, «¿Qué son los fractales?» bideoa ikus dezakezue ikasgelan, denek batera:

Aipatu harrigarriak iruditzen zaizkizuen hiru fraktal:

Definituko al zenukete orain fraktal hitza, zuen modura?

Orain, jauzi bat egingo dugu. Gogoan al duzue zer den metafora bat? Figura literario bat da: errealitate bat haren antzeko beste baten izenarekin izendatzean datza. Adibidez, pertsona bat oso langilea eta zuhurra denean inurritxo bat dela esaten dugu, edo norbait oldarkorra bada eta bere buruaren interesei baino ez badie erreparatzen, marrazo esaten diogu...

Bururatzen al zaizue beste adibiderik?

Badakigu, jada, zer diren fraktal naturalak; orain, fraktal hitzaren esanahia erabil dezakegu pertsona moduan, talde sozial moduan, gizarte moduan funtzionatzen dugunean, betiere maila handian gertatzen dena maila txikiagoetan errepikatzen dela ulertuz eta metafora sozialak eginez.

Erdi Aroa eta feudalismoa ikasiko zenituzten, ezta? Egitura fraktalaren adibide ona da hori: errege-erreginek goi-nobleziaren leialtasun-hitza jasotzen zuten; goi-nobleek noble txikien hitza jasotzen zuten, eta horrela behin eta berriz. Alegia, leialtasunaren balioa eta, babesaren truke, kategoria sozial handiagoko jauntxo batekiko lotura errepikatu egiten ziren gizartearen eskala guztietan.

Zer gertatuko litzateke baldin eta, adibidez, gizarte batean irudi erakargarria izateari balioa emango balitzaio?

Zer egingo luke boteredun batek irudi erakargarria izateko?
Eta baliabide gutxiago dituen norbaitek?

Eta naturaren hondamendiak jasan dituztenei laguntzea baloratuko balitz?

Zer egingo luke boteredun batek laguntza hori emateko?
Eta baliabide gutxiago dituen norbaitek?

Gizartean funtzionamendu fraktalak ditugula dioen metaforak horixe esan nahi du, balioak, portaerak, jarrerak, lehentasunak eta abar errepikatu egiten direla hainbat eskalatan, lagun-taldetan eta familietan, ikastetxe eta kirol-zentroetan, enpresetan, komunikabideetan, politikan eta gizarte-arazoetan jarduten dutenen kezkak eta lanak eta abar. Ziur pentsatzen ari zaretela pertsona guztiak interes, balio eta ideia desberdinak izaten ditugula eta, horregatik, gizartean ikuspegi eta jarrera desberdinak aurki ditzakegu batera. Alabaina, horrek ez dio interesa kentzen fraktalaren metaforari; besterik gabe, portaera fraktal desberdinak daudela esateko aukera ematen digu.

Identifika al ditzakezue hainbat giza talde, ideia, balio eta portaera jakin batzuk partekatzen dituztenak eta elementu horiek taldetzat identifikatzeaz gain, beste giza taldeengandik bereizten dituztenak? Aipatu desberdintasun horren arrazoia.

Taldea

Desberdintasunaren arrazoia

Bateratzea

Bateratze-lana animatzeko, honako galdera hauek baliagarriak izan daitezke:

Zer ikasi dugu eta zer geratu zaigu argi?
Zein zalantza eta galdera sortu zaizkigu?