2 PARTEA

Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremana ezartzen duten arauak

Ba al dakizue zeintzuk diren Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremana ezartzen duten arauak?

Argi izateko, irakur ezazue honako testu hau.

Espainian, maila goreneko araua 1978ko KONSTITUZIOA da. Konstituzio horretan, Autonomia Erkidegoen eta Estatuaren arteko harremanak arautzen dituzten printzipioak, besteak beste, biltzen dira. Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanen erregulazioan, Konstituzioaren Lehen xedapen gehigarria oso garrantzitsua da.

Arau juridikoek askotariko mailak dituzte eta, horrek esan nahi du beheragoko mailako arauek goragokoekin bat etorri behar dutela, goragokoen printzipioei jarraitu behar dietela.

Beste lege batek Nafarroaren eskumenak eta Estatuarekiko harremana arautzen ditu; hain zuzen ere, 13/1982 LEGE ORGANIKOA, ABUZTUAREN 10ekoa, NAFARROAKO FORU ERAENTZA BIRREZARRI ETA HOBETZEARI BURUZKOA. Nolabait esatearren, komunikatzeko tresna bat da.

Erreparatu lege horren izenari. Lege bat honela izendatzen da:

  • mailaren arabera: Lege Organikoa, Foru Legea,
  • elkarren hurreneko zenbaki bat, kasu honetan 13/1982; horrek esan nahi du foru-lege hori urte hartan onetsitako 13.a izan zela
  • data bat, Aldizkari Ofizialean argitaratu zenekoa (Estatukoa, BOEa; Nafarroakoa, NAO)
  • xedearen deskribapena, hau da, zer arautzen duen.

Zer esan nahi du Foru Komunitateak?

Espainiako beste autonomia-erkidego batzuk aipa al ditzakezue?

Esanahi berdina al dute Foru Komunitateak eta Autonomia Erkidegoak? Alderik baldin badago, zeintzuk dira?

Erantzuna ez baduzue argi, irakasleari galde diezaiokezue, edo etxean, edo Interneten kontsulta egin.
Pertsonen, taldeen eta lurraldeen bizikidetzan dagoen arau garrantzitsuenetako bat gauza oso erraz bat jakitea da: Nor da zeren erantzule?
Informazio gehiago lortzeko, Interneten Konstituzioaren 148. artikulua bila dezakezue, Autonomia Erkidegoen eskumenei buruzkoa; eta Konstituzioaren 149. artikuluan Estatuaren berezko eskumenak aipatzen dira. Ez ikaratu hizkuntzarekin! Irakasleari laguntza eska diezaiokezue.

Aipatu Nafarroaren berezko lau eskumen

Aipatu Estatuaren berezko lau eskumen

Ikusten al duzue alderik Estatuaren eta Nafarroaren eskumenen artean?

Alderatu al dezakezue Nafarroak Estatuarekin duen harremana eguneroko bizitzako beste harreman batzuekin?

Talde eta arau desberdinak aztertu dituzue. Bide batez, zer moduz funtzionatu du zuen taldeak? Honako gai hauek baloratzeko unea da:
  • Lana bete al dugu?
  • Pertsona guztiek parte hartu al dute? Eta kide guztiek lortu al dute informazioa eta prozesatu, hau da, zerbait ikasi al dute?
  • Zer esan dezakezue zereginaz, denboraz eta giroaz arduratu diren lagunek egin duten lanari buruz? Bete al dute zegokien zeregina? Eraginkorrak izan al dira? Ardura hori betetzeko egokiak al dira? Zer diote haiek eman zaien zereginari buruz? Nola sentitu dira zeregin hori betetzen? Zerbait hobetuko al lukete? Zer?
  • Arauak bete al dituzue?
  • Erabilgarriak izan al dira?
  • Ez badira izan, orain da unea. Nola birplanteatuko zenituzkete erabilgarriak izateko?
  • Zer ikasi duzue taldeen funtzionamenduari, arauei eta erantzukizunei buruz?

Funtzionatuko badute, arauek zehatzak izan behar dute, dagokien talde horretarako egokituak, erabilgarri izateko adina zehaztu behar dira eta gauzatu ondoren aztertu egin behar dira, egin beharreko zuzenketak egiteko.

Zer ikasi duzue arauei buruz, oro har?

Eta Estatuaren eta Nafarroaren arteko harremana ezartzen duten arauei buruz?

Ba al duzue zalantzarik? Zein?